Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sagarminaga, Fidel

Bizkaitar politikaria eta idazlea (Bilbo, ? - Bilbo, 1894). Jakintsua eta liberala zen, eta oso gizon ezaguna izan zen. Espainiako hainbat probintziatako gobernari zibila izan zen. 1868. urteko iraileko iraultzak Euskal Herrira itzultzera behartu zuen, eta Bilboko alkate izendatu zuten. Karlista eta liberalen arteko gerra amaitutakoan, foruak galduta, Madrila jo zuen, 1839. urteko legedia berrezartzeko asmoz. Cánovas del Castillo lehendakariarekin elkarrizketatu zen, baina bilerak ez zuen onik izan, eta foruen aldeko Euskal-Erria elkartea sortu zuen Bilbon beste lagunekin batera. Gorteetako diputatu hautatu zuten Durangotik, Unión Basco-Nabarra alderdiaren eskutik. La Paz egunkaria sortu zuen Madrilen, eta historiako obrak ere idatzi zituen. Lan aipagarriak: El gobierno y régimen foral del señorío de Vizcaya desde el reinado de Felipe II hasta la mayor edad de Isabel II (1892) eta Memorias históricas de Vizkaya (1880).