Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sarre

edo Saarland. Alemaniako hego-mendebaleko estatua. Mugak: iparraldean eta ekialdean, Renania-Palatinatua; mendebalean, Luxenburgo; hegoaldean, Frantzia. 2.569 km2 eta 1.065.000 biztanle. Hiriburua, Saarbrücken. Hiri nagusiak: Dudweiler, Neunkirchen, Sankt Ingbert, Saarlouis, Sulzback eta Völklingen.  v  Orografia. Sarre ibaiak eratutako haranak hartzen du estatua. Haranaren iparraldean Hunsrück mendialdea dago eta, hegoaldean, Lorrenako mendiak (695 m ditu estatuko mendi garaienak). Blies eta Prims ibai txikiek Sarre ibaian isurtzen dute ura. Klima kontinentala da, eta 800 mm euri ur egiten du urtean batez beste.  v  Biztanleak katolikoak dira oro har, eta, hizkuntza ofiziala alemana den arren, frantsesez mintzo dira hiztun asko. v Ekonomia. Oso ikatz arro garrantzitsua eta oparoa izan da, Saarlouis-etik Saarbrücken-era eta Saarbrücken-etik Neunkirchen-a luzatzen diren ardatzak batez ere. Hala eta guztiz ere, XX. mendearen erdialdetik aurrera nabarmen murriztu da ikatz ekoizpena, eta industria (altzairugintza, metalurgia, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, beiragintza, janari industria, zurgintza, papergintza, kimika industria) da, egun, ekonomia jarduera nagusia. v Historia. Herri zeltak bizi ziren Sarre aldean erromatarren garaian, eta franko germaniarrak zabaldu ziren K.o. II. mendetik aurrera. Karolingiar inperioaren ekialdeko lurraldea izan zen, eta Berant Erdi Aroan jaurgo ugari osatu ziren. Westfaliako hitzarmenaren ondoren (1648), Frantziako koroaren eraginpean egon zen; 1684-1697 bitartean Frantzia barneko lurralde bihurtu zuten, eta 1792-1815 bitartean Frantziako departamendu izan zen. 1815-1870 bitartean Renaniari lotu zioten eta 1871. urtetik aurrera industria azkar garatu zen hango ikatz hobiei esker. Lehen Mundu Gerraren amaieran (1918), beretzat eskatu zuen Frantziak Saarland, baina aliatuek ez zuten horrelakorik onartu eta Nazioen Ligaren babespean geratu zen. Frantsesen eskuetara igaro ziren, hala ere, ikatz hobiak. 1935ean biztanle gehienek (% 90etik gora) Alemaniako Reich-ean sartzea aukeratu zuten erreferendumean. 1945ean frantses gudarostea sartu zen Saarland-en, eta 1947an Saarland-eko lurralde autonomoa eratu zuten Frantziari loturik. 1955ean, ordea, biztanle gehienek (% 68k) autonomia haren aurka eta Alemania Federalarekiko batasunaren alde eman zuten botoa erreferendumean. 1957ko urtarrilaren 1ean Alemania Federaleko 10. land edo estatu bihurtu zen.