Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rhode Island

Estatu Batuetako ipar-ekialdeko estatua. Mugak: iparraldean eta ekialdean, Massachussetts; mendebalean, Connecticut; hegoaldean, Ozeano Atlantikoa. 3.139 km2 (Estatu Batuetako estaturik txikiena da) eta 1.004.000 biztanle. Hiriburua, Providence. Hiri nagusiak: Newport, Pawtucket eta Warwick. v Orografia eta klima. Bi eskualde nagusi bereizten dira: ekialdeko kostaldeko lurralde laua, uharte, hondartza eta padura ugari dituena, eta estatuaren bi heren hartzen dituen New England goi-ordokia. v Biztanleak. Estatu Batuetako estaturik txikiena da, baina biztanle dentsitaterik handiena duena (320 biztanle km2-ko). Providence hiriburuan daude estatuko unibertsitatea eta liburutegi eta museo hornituenak. v Ekonomia. Arrantza, nekazaritza (patatak, artoa, barazkiak, fruitu arbolak) eta industria (ehungintza, tresneria mekanikoa eta elektrikoa, kimika industria, ontziolak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Merkataritza eta finantzagune garrantzitsua ere bada, eta errepide, burdinbide eta aireportu sare zabal batek lotzen ditu estatuko hiri nagusiak inguruko estatuetako industria eta finantzagune nagusiekin. v Historia. Massachussettsetik etorritako ingelesak izan ziren lurralde horretako lehen kolonoak (1636). Nekazaritzak oparotasun handia izan zuen XVII. mendean, eta kolonien arteko merkataritzagune guztiz garrantzitsu bihurtu zen Newport-eko hiri eta portua. Burujabetasuna aldarrikatu zuen lehen kolonia izan zen (1776), eta Batasuneko kide 1790ean egin zen.