Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Raimondi, Ruggero

Italiar opera kantaria (Bolonia, 1941). Baritonoa da, ahots sendoa eta ozentasun handikoa du, bere ahots hariko onenetako bat. Teresa Pediconi eta Pervenanzirekin egin zituen ikasketak. Spoleton egin zuen debuta, 1964an: Collineren papera jokatu zuen Pucciniren La Bohème obran. Hurrengo urteetan Erromako Operan eta Veneciako La Fenicen eta Italiako beste antzoki batzuetan kantatu zuen. 1967an Milango La Scalan kantatu zuen: Timur-en papera jokatu zuen Pucciniren Turandot obran. 1960ko hamarraldiaren bukaeran Britainia Handiko zenbait antzokitan kantatu zuen: Royal Festival Hallen (Donizettiren Lucrezia Borgia), eta Glyndebournen (Mozarten Don Giovanni). Azkeneko opera horretako protagonista paperarekin lotura estua izan du Ruggero Raimondik, paper bera jokatu baitzuen izen bereko filmean, Joseph Losey estatubatuarraren zuzendaritzapean, 1979an. 1970ean, New Yorkeko Metropolitanen, Silva-ren papera jokatu zuen lehen aldiz Verdiren Ernani-n. Aurrerago, 1983an, beste film batean parte hartu zuen, Francesco Rosiren Carmen-en hain zuzen, Bizeten izen bereko operan oinarri hartuta.