Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Puskas, Ferenc

Hungariar futbolaria (1927 - 2006). Futbolaren historiako jokalari onentsuenetako bat. Aurrelaria, sormen eta eraginkortasun handikoa. Jokalari nagusietako bat izan zen 1950eko hamarraldiaren hasieran futbol selekzio onenean, baina Suitzako munduko txapelketan (1954) bigarrena izatea baino ez zuen lortu. 1956an, sobietarren inbasioaren ondoren, Puskas –nazioarteko 84 partidatan parte hartua ordurako– Real Madrid taldean jokatzera joan zen, Alfredo Di Stefano, Raymond Kopa eta Francisco Gentorekin batera, besteak beste. Jokalari haiek futbolaren historiako aurreko lerro onenetako bat osatu zuten. Espainiako selekzioarekin Txileko munduko txapelketan parte hartu zuen, 1962an. Jokalari izateari utzi ondoren, zenbait futbol talderen entrenatzailea izan zen, Grezian eta Australian. Hungariako lau liga irabazi zituen, Honved taldearekin, eta Espainiako sei liga eta Kontinente arteko Kopa eta Europako Kopa bana, berriz, Real Madridekin.