Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pozzo di Borgo, Carlo Andrea

Korsikako diplomatikoa (Alata, Ajacciotik hurbil, 1764 - Paris, 1842). Parisko Biltzar Nazionalean izan zen Korsikak Frantziako politikagintzan parte har zezala eskatzeko. Legebiltzarrerako diputatua hautatu zuten eta Frantziak Ingalaterrari eginiko gerra adierazpena idatzi zuen (1792). Korsikara itzuli zenean Bonaparterekiko harremanak eten eta britainiarren babesgoa onartu zuen Korsikarako (1794-1796) eta estatuko kontseiluko lehendakari bihurtu zen. Frantsesek uhartea okupatu zutenean Londresa jo zuen eta Vienan bizi izan zen 1794-1804 urteetan. Czartoryski printzearen laguntzari esker Errusiako zerbitzu diplomatikoan sartu zen (1804) baina Napoleonek haren estradizioa eskatu zuen eta Londresa ihes egin behar izan zuen berriro ere. 1812. urtean Alexandro I.a tsarrak hots egin zion berriz. Suitzara jo zuen eta Bernadotte-rekin aliantza bat egin zuen Napoleonen aurka borrokatzeko. Errusiara itzuli zenean jeneral izendatu zuten (1813). Frantziako behin-behineko gobernuko komisario zen 1814an, eta Gutuna onar zezala aholkatu zion Luis XVIII.ari. Errusiako enbaxadorea izan zen Parisen 1815-1834 urteetan eta Vienako kongresuan hartu zuen parte. Errusiako enbaxadorea izan zen Ingalaterran 1835-1839 bitartean.