Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Portales, Diego

Txileko diktadorea (Santiago, 1793 - Valparaiso, 1837). Dirutza handi baten jabe egin zen merkataritzari esker, eta 1824an Txileko gobernuak tearen, edari bizien eta tabakoaren salmentaren monopolioa eskaini zion, gobernuak Erresuma Batuarekin zituen zorrak ordaintzearen truke. Hala, Txileko pertsonarik eraginkorrenetakoa bihurtu zen Portales; 1830ean, alderdi kontserbadorea aginpidera iritsi zenean, Kanpo eta Barne arazoetako, eta Gerra eta Itsas Armadako ministro izendatu zuten. Oso gogor menderatu zuen liberalek antolatu zuten matxinada, eta Txileko egiazko agintari bakarra bihurtu zen harrezkero, elizaren eta oligarkia lurjabearen interesen babesle. 1836an Txileren eta Peruren arteko gerra piztu zen, eta handik urtebetera txiletar militar talde batek hil zuen Portales.