Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

poliketo

iz. Zool. Anelidoen phylum-eko izen bereko klaseko harra. 5.000 mota baino gehiago ezagutzen dira. Poliketo gehienak itsasoan bizi dira. Gorputzaren zatiketa zehatza dute ezaugarri. Neurri askotakoak dira, milimetro gutxitakoak dira batzuk eta ia 3 m-taraino iristen dira beste zenbait. Oro har, bi sailetan banatzen dira: mugikorrak, aske dabiltzanak, eta geldiak edo hodi formako bizilekua dutenak. Poliketoen gorputzaren zati bakoitzak bi gingil ditu (paropodoak) kanpoaldera, eta ile txiki ugari horien inguruan. Burua luzakinez inguratua dute. Uretan bizi diren animalia eta landare txikiak jaten dituzte. Poliketo gehienek sexu bereiziak dituzte, eta esperma eta arrautzak uretan elkartzen dira. Beste batzuk hermafroditak dira, eta badira izaki berriak, kimuak balira bezala, berez sortzen dituztenak.