Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Poe, Edgar Allan

Estatu Batuetako idazlea (Boston, 1809 - Baltimore, 1849). Gurasoak antzezleak zituen. Bi urterekin umezurtz geratu zen eta John Allanek, Richmondeko tabako merkatari aberats batek semetzat hartu zuen. 1815etik 1820ra Ingalaterran bizi izan zen. Estatu Batuetara itzulirik Virginiako unibertsitatean egin zituen ikasketak, baina 1826an aitaordearekin izandako liskarren ondoren ikasketak utzi eta West Pointeko ikastetxe militarrean sartu zen; 1830ean bota zuten handik diziplinarik ez omen zuelako. 1835ean hamalau urte zituen bere lehengusina Virginiarekin ezkondu zen. 1835tik 1837ra literatura kritika egin zuen Southern Literary Messenger aldizkarian. 1847an emaztearen heriotzak krisialdi latza sortu zion. Miseriak, egonezinak, maite zuen emakumearen heriotzak, jokoak, alkoholak eta laudanoak eragin handia izan zuten haren bizitzan. Baltimoreko kale batean aurkitu zuten delirium tremens-ak jota eta handik egun batzuetara hil zen. Fantasiazko, beldurrezko eta umorezko ipuinaren maisu izan zen, eta polizia eta zientzia fikzio generoen aitzindari. Literatura kritika zorrotzak idatzi zituen. Estatu Batuetako kritikak gaitzetsi zuen, baina Europan berehala arrakasta handia izan zuen, Baudelairek eta Mallarmék haren lanak frantsera itzuli eta goraipatu zituztelako batik bat.  v  Haren idazlan nagusiak. Ipuinak: Ligeia (1838), The Fall of the House of Usher (1839, Usher etxearen eroraldia), William Wilson (1840), Murders in the Rue Morgue (1841, Morgue kaleko hilketak), The Masque of the Red Death (1842, Herio gorriaren mozorroa), The Black Cat (1843, Katu beltza), The Gold Bug (1843, Urrezko kakalardoa), The Cask of Amontillado (1846, Jon Mirandek Amontillado upela izenez eta Oskilasok Upela amontilladuzkoa izenez euskaratua). Poeren bi ipuin bilduma daude euskaraz: Botila batean aurkitutako eskuizkribua eta beste ipuin batzuk, Koro Navarrok itzulia, eta Ligeia, izu ipuinak, Migel Anjel Unanuak itzulia. Olerkiak: The Raven (Belea), To Hellen (Hellenentzat), Ulalume, Anabel Lee, The Bells (Kanpaiak), Alone (Bakarrik). Eleberria: The Narrative of Arthur Gordon Pym of Nantucket (1837, Nantucketeko Arthur Gordon Pymen abenturak). Saiakerak: The Philosophy of Composition (1846, Olerki baten filosofia), Belea olerkia nola idatzi zuen azaltzen duena, Eureka (1848), The Poetic Principle (1850, Poesiaren hatsapenak).