Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Plekhanov, Georgy Valentinovitx

Errusiar sozialista, errusiar marxismoaren sortzailea (Gudalovka, Tambov, 1856 - Terijoki, Finlandia, 1918). San Petersburgoko hirian egiten ari zen ikasketak utzi eta Lurraldea eta Askatasuna herri erakundeko kide egin zen. Erbestera jo behar izan zuen 1880an eta Genevan finkatu ondoren, Errusiako lehen erakunde marxista iraultzailea (Osvobozhdenié truda; Langileriaren Askapena) sortzen parte hartu zuen eta bere ideologiaren oinarriak azaldu zituen Sozialismoa eta borroka politikoa (1883) eta Gure arteko desadostasunak (1885) obretan. Bi lan hauetan Errusian gertatutako garapen kapitalista lasterra aztertzen zuen, eta bi fasetan oinarritutako iraultza eskema proposatzen zuen: tsarren garaiko erregimenaren lekua demokrazia burgesak hartuko zuen lehenik eta ondoren langileriak, langileen alderdi sozialdemokrata baten zuzendaritzapean, iraultza sozialista gauzatuko zuen. 1898. urtean, Plekhanoven ingurura hurbildu zen taldeak, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata sortu zuen eta Iskra aldizkariaren bidez marxismo ortodoxoaren alde egin zuen. 1903. urtean egin zen alderdiaren bigarren kongresuan, boltxebikeen eta mentxebikeen arteko banaketa gertatu zen kongresuan hain zuzen, boltxebikeen buru zen Leninen alde agertu zen Plekhanov, baina geroago bi adarrak batzen saiatu zen. 1917. urteko iraultza ondoren Errusiara itzuli zenean mentxebikeekin bat egin zuen, eta erbesterako bidea hartu behar izan zuen berriro ere urriko boltxebikeen iraultza gauzatu zenean.