Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Plavsic, Biljana

("Burdinazko Andrea" deitua). Politikari serbo-bosniarra (Sarajevo, Bosnia-Herzegovina, 1930). Bi urtez New Yorken ikasi ondoren Sarajevoko Unibertsitateko biologiako irakaslea izan zen, eta biologia saileko buru izatera iritsi zen; 1980an Jugoslaviako Arte eta Zientzietako Akademiako kide izendatu zuten. Plavsic politikari abertzale sutsua da, Radovan Karadzic buruzagi serbo-bosniarraren laguntzailea. Bere jarduera politikoa Bosnia eta Herzegovinako Alderdi Demokratiko Serbiarra alderdi nazionalistan hasi zuen (SDS). 1990-1992 bitartean (gerra hasi zen arte, alegia) Bosniako lehendakaritzarako hautaturiko bi serbiarretako bat izan zen. Gerra garaian Bosniako Errepublika Serbiarrarekin bat egin zuen, eta Karadzic lehendakariaren bi lehendakariordeetako bat izan zen. Daytongo bake hitzarmenetan (1995) Karadzic eta beste zenbait agintari kondenatu zituztelarik, Karadzicen ordezko izendatu zuten 1996an, Bosniako federazioaren baitako Serbiar estatuaren lehendakari karguan. Plavsicek serbiarrek musulmanak eta kroatak hiltzea gertaera biologiko natural bat dela esan izan du, besteak beste. Azkenik, bere agintaldian, nazioarteko presioaren eraginez, zenbait buruzagi kanporatu behar izan ditu eta erreforma politikoak egingo zituela hitz eman behar izan du. Karadzicek, ordea, SDS alderdiko bileretan parte hartzeko debekua ezarri dio, besteak beste. 1997an Plavsicek legebiltzarra deuseztatu eta hauteskunde orokorrak deitu zituen.