Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

plankton

iz. Itsasoetako nahiz ibai eta aintziretako uretan igeri bizi diren izaki txikien multzoa. Izaki horiek txikiak dira gehienetan. Planktonak garrantzi handia du, uretako janari-katearen lehenengo maila baita. Azaleko uretan gai ugari da; gai horrek guztiak sestona osatzen du. Sestonak bi zati ditu: triptona, izaki bizigabeez osatua (izaki bizien hildako zatiak, berorien hondakinak, eta abar), eta planktona, izaki biziz osatuta. Bi plankton mota daude: landare planktona, fitoplanktona, janaria sortzen duena, eta animalia txikiez osatutako planktona, zooplanktona. Planktona, kokagunearen arabera, neritikoa (plataforma kontinentalaren gaineko uretakoa) edo ozeanikoa (kostaldetik urrun dauden uretakoa) izan daiteke. Jalkitzez etengabe galtzen da planktona. Morfologiari dagokionez, izaki mota batzuek, beren azalera handitu eta uretan behera jalkin ez daitezen, zilioak, mintzak, eta gisako euskarriak dituzte. Bestalde, planktona osatzen duten izakiek etengabeko higikortasuna dute, eta horretxek ere esegita irauten laguntzen die. Planktonaren biologia zikloa oso laburra da, baina oso ugaltze lasterra du; horri esker, jalkitzez galtzen den planktona aise ordezkatzen da.