Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pitagoras

Greziar matematikari eta filosofoa (Samos, Iona, K.a. 570 - Metapontum, Lukania, K.a. 504). Pitagorikoen anaidiaren sortzailea izan zen; besteren artean Platonen eta Aristotelesen pentsamenduan eta matematiken zein mendebaleko filosofia arrazionalaren garapenean eragin handia izan zuen. Pitagorasek Italiako hegoaldera alde egin zuen, nonbait Polikrateren tiraniari ihesi, eta bertan finkatu zuen egungo Crotonan bere akademia. Indar politiko handia izan zuen Pitagorasek; K.a. 500. urte aldera haren kontrako matxinada antzeko bat izan zen eta Metapontum-era ihes egin zuen. Nekez bereiz daitezke zein diren Pitagorasen beraren dotrinak eta zein taldearenak, ez baita idazkirik gorde; pitagorikoek arau bat zuten, gainera, eta egiten ziren asmakizunak edo onartzen ziren dotrina guztiak Pitagorasen asmakizun edo dotrinatzat azaltzen zituzten; hala ere Pitagoras hartzen da musikaren zenbakizko oinarriaren eta izaki bizidunen berdintasunaren eta arimen transmigrazioraren dotrinaren sortzailetzat. Zenbaiten ustetan Babilonia eta Egipto aldera egindako bidaietatik ekarri zituen Pitagorasek dotrina horiek.  v  Pitagoras-en teorema. Geom. Geometria teorema, hiruki zuzenen aldeen arteko erlazioa adierazten duena. Teoremak dionez hiruki zuzen batean hipotenusaren karratua eta beste bi katetoen karratuen arteko batura berdinak dira. Hipotenusak, hiruki zuzen batean angelu zuzenaren aurkako den aldeak alegia, c luzera badu eta beste bi aldeek a eta b luzerak badituzte, a2+b2=c2 gisa definitzen da Pitagoras-en teorema. Teorema hau, ordea, badirudi Pitagoras baino lehenago ere aski zabaldua zela, Babiloniako eta Egiptoko zenbait eraikuntzaren kalkuluetarako beharrezkoa baita.