Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pissarro, Camille

Frantses pintore, grabatzaile eta litografoa (Saint-Thomas, Antillak, 1830 - Paris, 1903). Parisen pinturako ikasketak egin ondoren, Antilletara itzuli zen eta Venezuelara ihes egin zuen eta han Fritz Melbye lagun daniarrarekin jarraitu zituen pinturako ikasketak. Caracasen ezagutarazi zituen lehen obrak. 1855ean Parisa itzulirik, Erakusketa Unibertsalean Courbet, Ingres eta, batez ere, Corot ezagutu zituen. Geroago Monet eta inpresionista deitu zirenak ezagutu zituen. Cézanne eta Armand Guillauminekin batera Salon des Refusés aretoan erakutsi zituen bere obrak. Ikuspegiak pintatu zituen batez ere, Corot-en eta Millet-en eraginpean baina haiek baino kolore biziagoak erabiliz. Paris, Erruan, Dieppe eta Le Havreko ikuspegiak pintatu zituen maisutasun handiz. Inpresionismoaren aitzindarietako bat izan zen. Laguntza handia eman zien artista askori: Cézanne, Gauguin, Seurat, Signac eta beste batzuei. Koadro asko pintatu zituen, teknika asko erabiliz. Obra nagusiak: Frantziako Antzokiaren plaza, Tuilleriesko lorategiak, Pontoiseko garbitegia, Autoerretratua.