Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pickett, Wilson

Estatubatuar abeslaria (Alabamako estatua, 1941). 1960ko hamarraldiko soul abeslaririk ezagunenetakoa izan zen Ottis Reddingekin batera. The Violinaires gospel taldean hasi zen, Detroiten, eta 1959an The Falcons soul taldera aldatu zen. 1960ko hamarraldiko lehenengo urteetako bakarkako lanekin ez zuen arrakasta handirik lortu, baina 1965ean Atlantic Recordsen sartu zen, eta In The Midnight Hour grabatu zuen, gerora klasiko bihurtu zen disko bat, Estatu Batuetan eta Britainia Handian izugarrizko arrakasta izan zuena. Hurrengo urtean rythm & blues estiloko 634-5789 lana kaleratu zuen eta harrezkero lan bikainak eman zituen 1970 inguru arte. Ordukoak dira "Hey Jude" (1969) abestiaren bertsioa edota "Hey Joe", Jimi Hendrixek ospetsu egin zuen kanta, etab. 1970eko hamarraldian RCA etxeak kontratatu zuen eta 1978an disko musikaren arrakastaz baliatu nahi izan zen Funky Situation lanarekin, baina ez zuen emaitza onik lortu, eta hurrengo urtean EMIrentzat hasi zen lanean. Harrezkeroko lanetan ez du behinolako arrakastarik lortu, Estatu Batuetatik kanpora batez ere.