Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Penderecki, Krzystof

Poloniar musikagilea (Debica, 1933). Bere kasa hasi zituen musika ikasketak, eta geroago Malawskiren ikaslea izan zen Krakoviako Goi Mailako Musika Eskolan. 1958. urtetik aurrera eskola hartako irakaslea izan zen, eta 1972. urtean zuzendari izendatu zuten. 1973. urtetik aurrera konposizio irakaslea izan zen Yale-ko unibertsitatean. Lehen lanetan C. Debussyren eta K. Szymanowskiren eragina antzematen zaio. Geroago Boulez-en eragina izan zuen. 1960. urtetik aurrera Boulez-en estiloa utzi zuen eta abangoardiako musikagile nagusietakoa bihurtu zen. Penderecki-k musikazkoak ez diren hotsak erabiltzen ditu, idazmakinarena eta zerrarena, adibidez, eta ohiko musika tresnekin nahasten ditu. Ahotserako musikan aldiz, kantariek kontsonanteak ahoskatu behar izaten dituzte arrapaladan, txistu eta zarata eginez. Lan aipagarriak dira: The Devils of Loudun (1968-1969) eta Paradise (1976-1978) operak; Anaklasis (1960), harizko eta perkusiozko tresnetarako; Threnody for The Victims of Hiroshime (1960), harizko 52 tresnetarako; Polymorphia (1961), harizko 48 tresnetarako; St. Luke Passion (1963-1966), idatzi duen lanik txalotuena, kontalari, bakarlari, abesbatza eta orkestrarako; Kosmogonia (1970), bakarlari, abesbatza eta orkestrarako; Ekintzak (1971), jazz talderako; Intermezzo (1973); Agnus Dei (1980), korurako.