Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pasio

iz. Jesu Kristoren nekaldia. || g.er. Irrika, grina.  v  Mus. Pasioaren testuaren musika moldaketa. Erdi Aroan pasioa gregoriar estiloko monodia moduan kantatzen zen. Kristoren hitzak, ebanjelariaren kontakizuna eta turba edo jendearen parte hartzeak elkarren artean bereizi egiten ziren musika eskalaren barruan zuten maila aldakorrari esker. XV. eta XVI. mendeko pasioetan pasio motetea (ia guztiz polifonikoa) eta pasio dramatiko edo errespontsorial-a (kontrapuntua) eta zerikusirik ez zuen beste elementu batzuez osatzen ziren. Europako herrialde guztietan idatzi ziren pasioak polifonia erabiliz, eta sarritan, Erreformaren eraginez, batez ere Alemanian, testua latinez idatzi beharrean, bertako hizkuntzan egiten zen. XVI. mendean musikagile ospetsu askok idatzi zituzten pasioak: Cyprien de Rore, Orlandi di Lassus (Pasioa San Mateoren arabera), Byrd, Guerrero eta Victoria. XVII. mendean, opera eta oratorioa sortu zirenean, monodia lagunduaren erabilera hedatuarekin, pasioak bide berriei ekin zien eta eliz oratoriora hurbildu zen. Heinrich Schütz (1665-1672) izan zen garai hartako pasiogile nagusia. XVII. mendearen bukaeran, pasioak pixkana Itun Berriko testuak utzi eta parafrasi errimadunak hartu zituen oinarritzat. Haendel, Kreiser eta Mattheson-en pasioak dira horren adibide garbiak; J.S. Bach Brockesen olerkietan oinarritu zen Pasioa San Joanen arabera (1723) idazteko eta Picander-ekin batera idatzi zuen Pasioa San Mateoren arabera (1729). Geroztik pasioak gainbehera egin zuen eta oratorio tankera hartu zuen. XIX. eta XX. mendean joera hau indartu egin da.