Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Parra Gómez, Ana María

Gipuzkoar pintorea (Donostia, 1928). Hamabost urte zituela, Ascensio Martiarena pintorearen estudioan hasi zen ikasten eta, maisuak egin ohi zuen moduan, Ana Mari Parrak ere urteak eman zituen marrazketa menderatzen margotzen hasi aurretik. Era berean, kartelgintza, publizitatea eta diseinua landu zituen Martiarenaren estudioan, eta 1950. urtean Chicas aldizkarian hasi zen lanean, aldizkari honen erredakzioa Madrilen egon arren Donostian argitaratzen zen-eta. Ilustrazioak egiten zituen aldizkari hartarako, gehienbat modari buruzkoak, alor horretan espezializatu baitzen. 1955ean egin zuen bere aurreneko bakarkako erakusketa, Iruñeko Ibáñez Aretoan. Hurrengo urtean, Parisera joan zen eta bertan eman zuen denboraldi bat. Aldizkarietarako lana utzi eta erretratuan espezializatu zen, nahiz eta 60ko hamarkadan, seme-alabak hazten ari zela, erakusketa askorik egin ez. 1970etik aurrera, ordea, buru-belarri ekin zion pintatzeari eta bere lanak erakusteari, eta hamarkada hartan erakusketa ugari egin zuen, Donostian gehienbat, baita sariak eskuratu ere. 80ko hamarkadan harreman profesional estua izan zuen Donostiako Etxeberria Galeriarekin, eta bertan erakutsi zituen bere lanak. Azken urteotan talde erakusketetan parte hartu izan du gehienbat, betiere estilo tradizionaleko koadroak aurkeztuz.