Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pallarsko konderria

Kataluniako Lehen Erdi Aroko konderria, Noguera Pallaresa ibaiaren goi eta erdi arroetan, Ribagorza eta Urgell-go konderrien artean (Lleida-ko herrialdea). Frankoen inperioari loturiko Okzitaniako Tolosako eta Urgell-go kondeen mendean egon zen VIII. eta IX. mendeetan zehar eta 884. urtean bihurtu zen burujabe, Ribagorza-rekin batean, Ramon I.a buru zela. Lupo Zentulo Bigorrako konde euskaldunaren semea zen Ramon I.a. Hura hil ondoren, 922. urtean, bereizi ziren Pallars eta Ribagorza, eta 1011. urtean bitan banatu zen konderria. Nafarroako erresumari loturik egon ondoren, Pallars Jussà Aragoiko koroaren mendean geratu zen 1192an eta Pallars Sobirà Bartzelonako konde handien ingurura bildu zen 1054an. XV. mendearen bukaera arte, liskar handiak izan ziren Pallars Sobirà-ko kondeen eta Aragoiko koroaren artean. 1503an Cardona-ko etxe handiaren eskuetan utzi zuen Pallars Sobirà-ko konderria, eta halatan sortu zen Pallars-ko markeserria.