Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Palestrina, Giovanni Pierluigi da

Italiar musikagilea (Palestrina, Erroma inguruan, 1525 - Erroma, 1594). R. Mallapert eta F. Lebel frantses maisuekin egin zituen musika ikasketak. 1537. urtean Erromako Santa Maria Maggiore-ko koru mutila zen, eta 1544. urtean Palestrinako katedraleko koru maisu eta organo-jotzaile. 1551. urtean, berriz, Julio III.a aita santu zela, San Pedro basilikako Giulia kaperako kapera maisu izendatu zuten. 1554. urtean meza liburu bat argitaratu zuen. Hurrengo urtean, Paulo IV.ak debekatu zuen aita santuaren kaperan ezkondutako inor egotea; Palestrinak kargua utzi zuen eta Letrango San Joan kaperan kapera maisu izan zen Lassus-en ordez. 1560. urtean Santa Maria Maggiore-ko kapera maisu izan zen, eta 1566-1571 urteetan Erromatar Mintegien musika maisu izan zen, eta aldi berean Ippolito d’Este kardinalaren kontzertuak antolatu zituen Tivolin. 1571. urtean Giulia kaperaren zuzendaritzaren ardura izan zuen berriro, eta Erroman geratu zen bizitzen. Palestrina italiar Errenazimentuko musikagile emankorrenetako bat izan zen. 105 meza inguru idatzi zituen, lau-zortzi ahotsez abestekoak; 250 motete; 35 Magnificat; salmuak; letaniak; baita madrigalak ere, erlijiozkoak eta bestelakoak. Polifoniaren maisu handia baitzen, ahots soiletarako kontrapuntuaren musikagile ospetsuena izan zen bere garaian. Palestrinak ez zuen berrikuntzarik sartu musikagintzan, baina ezin hobeki erabili zituen musikagintzaren ohiko baliabideak.