Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Palazuelo, Pablo

Espainiar margolari, eskultore eta grabatzailea (Madril, 1916 - Galapagar, 2007). Abstrakzio geometrikoaren ordezkari nagusietako bat. Arkitektura ikasketak egin zituen Ingalaterran. 1940ko hamarraldian higikunde abstrakzionistaren barruan margotzen hasi zen, Paul Kleeri omenaldia (1948) obrak erakusten duen bezala. 1940. urtearen bukaeran lehenengo marrazki konstruktibista garbiak egin zituen. 1949an dirulaguntza lortu zuen Parisen, eta han geratu zen 1969 arte. Bere garaiko higikunde informalista ez bezala, Palazueloren 1950eko hamarraldiko obra abstrakzio geometrikoaren barruan sartzen da: kolore garbiko plano irregularrak espazioan jarrita, bata bestearen gainean edo ondoan, lerro zuzenez eta makurrez zeharkatuak. Bere pinturak erritmo naturalagoetara jo zuen pixkana-pixkana. Hurrengo hamarraldiko bere obrak ere soiltasun eta garbitasun horri eutsi zion, Monroy (1974) sailean edo Bachelard-i omenaldia (1977) obretan ikus daitekeen bezala. Azkeneko urteetan, baina, eskulturek eta grabatuek garrantzi handia hartu zuten bere obran.