Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ozawa, Seiji

Japoniar orkestra zuzendaria (Hoten, Mantxuria, 1935). Tokioko Toho musika eskolan egin zituen musika ikasketak, eta geroago Berlinen, H. Karajanekin. 1960. urtean Koussevitzky saria irabazi zuen. 1961-1962 eta 1964-1965 urteetan L. Bernsteinen zuzendari laguntzailea izan zen New Yorkeko orkestra filarmonikoan. Geroago, 1964-1969 urteetan, Chicagoko Ravinia Jaialdiaren zuzendaria izan zen. 1965ean Torontoko orkestra sinfonikoaren zuzendari nagusi izendatu zuten, eta 1970ean San Francisco-koa. 1973. urtean Bostongo orkestra sinfonikoaren zuzendari eta musika arduradun izendatu zuten. Ospetsuak dira Ozawaren estilo kementsua eta XIX. mendeko lan sinfonikoen interpretazio bikainak.