Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Otero Muñoz, Blas de

Bizkaitar olerkaria, gaztelaniaz idazten zuena (Bilbo, 1916 - Madril, 1979). Gazte garaian Bilbon bizi izan zen, baina gero Bartzelonan eta atzerrian ibili zen urte askotan. Hasierako olerki liburuetan erlijio kezka antzematen zaio, San Juan de la Cruz-en eraginpean eta metafisikaren inguruan. Garai hartakoak dira: Angel fieramente humano (1950) eta Redoble de conciencia (1950). 1958an, bi liburuok bildu eta Ancia izeneko bilduma argitaratu zuen. Ondoren, gizarte gaiekin kezkatua zen, eta bere poesia jende guztiari helarazten saiatu zen. Hitzaren eta gizarte borrokaren arteko oreka bat bilatu nahian idatzi zituen: Pido la paz y la palabra (1955), En castellano (1960), Con la inmensa mayoría (1960), eta Que trata de España (1964), olerki liburuak. 1969an, horiek denak bildu zituen Expresión y reunión bilduman. Otero izan zen, G. Celayarekin batera, poesia soziala deitu higikundearen ordezkari nagusia, eta gerra ondorengo olerkaririk garrantzitsuenetako bat Espainian. Oterorena da halaber, Historias fingidas y verdaderas (1970) hitz lauzko liburua.  v Oterok harreman handia izan zuen euskal olerkariekin. Gerra aurrean Lauaxeta ezagutu zuen, eta gerra ondoren Aresti izan zuen adiskide handia. Arestiren olerkigintza Oteroren eraginpean idatzia da, aldi batez behintzat. Arestik euskaratu zizkion, bestalde, Majoria handiari (1963) izeneko poemak.