Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Otaño Barriola, Pedro Maria

Gipuzkoako bertsolaria (Zizurkil, 1857 - Rosario de Santa Fe, Argentina, 1910). Errekalde baserrian jaio zen. Aita Pedro «Errekalde Zaharra» eta osaba Jose Bernardo ere bertsolariak zituen. Gaztetatik Donostiako Amara auzoan bizi izan zen, eta gero Ameriketara joan zen bizitzera. Txirritarekin eta Udarregirekin ibili zen bertsotan, baina, batez ere, bertso jarriengatik da ezaguna: Mutil koxkor bat, Ameriketako panpetan, Lagundurikan danoi, Txepetxa, etab, dira haren bertso sail ezagunenak. Buenos Aires hiriburuko Laurak-bat etxeko euskarako irakaslea izan zen. Alkar olerki bilduma eman zuen argitara Argentinan 1904. urtean eta Artzai mutilla opera, 1906an. Bat-bateko bertsogintzarako eztarriak ez zion gehiegi laguntzen, eta «Katarro» ezizena jarri zioten. Bi aldiz egin zuen Ameriketara joan-etorria. 1930ean Olerki onenak Alkar izeneko bertso bilduma kaleratu zioten. Itxaropena argitaletxeak beste argitalpen bat egin zuen 1959an. Otañoren bertsoen ezaugarri nagusietako bat lirismoa da; izan ere, herriaren izpiritua inoiz baztertu ez bazuen ere, haren bertsoek sarritan poesiaren landuaren balioa dute.