Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Origenes

Teologo kristaua (Alexandria, 184 inguruan – Tiro, 253 inguruan). Kristau familia batean sortua zen (aita martirioz hil zuten 202an). Alexandriako Klementeren eta Ammonio Saccasen ikaslea izan zen. 203tik aurrera 28 urtez kristau dotrina irakatsi zuen Alexandrian. 230ean apaiztu zen, zegokion eliz barrutitik kanpo; arrazoi horrengatik eta aurretik berak eskaturik irendu zutelako, eskumikatu zuten eta Palestinako Zesarean hartu zuen bizilekua (231). Dezioren esetsaldian jasandako torturen ondorioz hil zen. Origenes kristau elizaren lehen garaietako teologoetan handiena izan zen. Greziako filosofiaren (batez ere, neoplatonizismoa eta estoizismoa) eta kristautasunaren sintesia egitea izan zuen helburu. Idazle oparoa izan zen; liburu dogmatiko, aszetiko eta polemiko anitz idatzi zuen, hala nola De principiis, Celso-ren aurka, etab. Alabaina, Idatzi Santuen exegesi lanak dira haren lanik ezagunenak (Homiliak, Iruzkinak, Hexapla, etab.). Originesen dotrinaren zenbait puntu kondenaturik gertatu ziren Konstantinoplako kontzilioan (553).