Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

organiko

izond. Organismo bizietatik datorrena; izaki bizietan dauden eta osagarritzat karbonoa duten gaiei dagokiena. || Organoei dagokiena.  v  Kim. Lehenengo kimikariek uste zuten gai organiko guztiak landare eta animalietan sortzen zirela; baina Friedrich Wöhler (1800-1882) alemaniar kimikaria urea amonio zianatoaren eraldaketaz sor zitekeela konturatu zen. Hori izan zen, hain zuzen ere, sintesi bidezko kimika organikoaren hasiera; honen helburua laborategian produktu naturalak lortzea da. Hori dela eta, organiko adjetiboak karbonoa edo ikazkaia daraman edozein konposatu adierazten du, kasu bakan batzuetan izan ezik (karbonoaren oxidoak, karburoak, karbono disulfuroa, metalen karbonatoak, zianuroak eta karboniloak, fosgenoa eta karbonilo sulfuroa). Karbonoaren ezaugarri nagusia konbinazio ugari sortzeko duen ahalmena da; hori dela eta, gai organikoen kopurua izugarri handia da. Gai organikoak, orokorrean, ez egonkorrak dira (gutxi dira 400 °C-tik gora desegin gabe irauten dutenak), asko destila daitezke eta kristaldu egiten dira. Gai organikoak disolbatzaile organikoetan urtzen dira, batik bat, eta gai inorganikoak, aldiz, uretan. Gai inorganikoek ioi bidez erreakzionatzen dute eta erreakzio horiek lasterrak eta soilak dira; gai organikoak, aldiz, ez dira ioietan deskonposatzen, eta erreakzioak geldiak eta konplexutasun handikoak dira. Ezaugarri horiek dira kimika organikoaren eta inorganikoaren arteko bereizgarri nagusiak. Hala ere, kimika modernoaren garapenak ilundu du organikoaren eta inorganikoaren arteko bereizketa hori. Gai organikoetan, karbonoaz gain, beste gai bakun batzuk ere aurkitzen dira: hidrogenoa (ia beti aurkitzen da), oxigenoa, nitrogenoa, halogenoak, sufrea eta fosforoa. Badira neurri txikiagoan agertzen diren beste gai bakun batzuk ere (silizioa, merkurioa, beruna, metal alkalinoak eta abar). Konposatu organikoak honela sailka daitezke: a) Osatu aziklikoak; haien atomoek ez dute eraztunik osatzen. b) Osatu karboziklikoak; karbono atomoez eratutako eraztun bat edo gehiago dituzte. c) Osatu heteroziklikoak; karbonoaz aparteko gaiez eratutako eraztun bat edo gehiago dituzte. Sailkapen hau, ordea, zabalegia da, eta beharrezkoa egiten da sail bakoitza beste azpitalde batzuetan banatzea.