Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oppenheimer, Julius Robert

Estatu Batuetako fisikaria (New York, 1904 - Princeton, 1967). “Los Alamos” laborategian atomo bonba egin zen garaian bera zen hango zuzendaria (1943-1945). Harvard-eko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta Cavendish eta Cambridge unibertsitateetan ikerketak egin ondoren, 1927an Kaliforniako unibertsitatera itzuli zen. Oppenheimer-ek atomo partikulen (elektroiak, positroiak eta izpi kosmikoak) energia prozesua aztertu zuen, eta quantum-en eta erlatibitatearen teoria berrien alorrean azterketak egin zituen. Alemaniako naziek Polonia menderatu zutenean, Estatu Batuetako gobernuaren eskariz, atomo bonba egiteko saioei ekin zien. 1942ko abuztuan Estatu Batuetako militarrek Britainiako eta Estatu Batuetako zientzialariei energia nuklearra helburu militarretarako erabiltzeko laborategi bat antolatzea eskatu zieten. Oppenheimer izan zen lan horren arduraduna, eta “Los Alamos” laborategia antolatu zuen 1943an Santa Fe hirian. Militarrek hango lankide batzuei Sobietar Batasun ohiko espiak izatea leporatu zieten, eta harrezkero Oppenheimerrek arazoak izan zituen militarrekin eta gobernuarekin. Oppenheimerren taldeak 1945eko uztailean egin zuen lehenengo leherketa nuklearra. Urte bereko irailean lan hori utzi eta Princetongo unibertsitatera itzuli zen. 1947-1952 bitarteko urteetan Energia Nuklearreko Batzordeko lehendakari izan zen, eta 1949an hidrogeno bonba egitearen kontrako iritzia eman zuen. Horren ondorioz, Batzordeko ardura kendu zion gobernuak. Estatu Batuetako zientzialariek haren alde egin zuten, eta Oppenheimer zientzialarien eta zientziaren askatasunaren sinbolo bihurtu zen. 1963an galdutako eskubideak itzuli zizkioten. Zientziak gaur egungo munduan duen eginkizunaz gogoetak argitaratu zituen, gerora eragin handia izan dutenak.