Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Olaeta

Bizkaitar dantzari, musikari eta koreografo familia baten izena.  v  Olaeta Mugartegi, Segundo. Bizkaitar musikagilea eta koreografoa (Gernika, 1896 - Miarritze, 1971). Bere jaioterrian egin zituen musikako lehen ikasketak, Sebero Altube idazle eta filologoa irakasle zuela. Bartzelonara joan zen ondoren eta kontrapuntu, fuga eta musika tresnen egokitzapenerako ikasketak egin zituen. 1920. urtean Gernikako Udal Musika Bandako zuzendari izendatu zuten. Dantza talde bat osatzen hasi zen garai hartan, eta Euskal Herri osoan zehar arrakasta handia izan zuen Elai-Alai dantza taldea sortu zuen. Taldeak antzezturiko obren artean baziren Olaetak berak konposatuak: Meza Osteko Jaya, Donibane Gaba, Estei-taldea, Kandelario, Agate-Deuna eta Jaun Zurian Zinegitea, besteak beste. Frantziako eta Belgikako hiri garrantzitsuenetan egin zituen emanaldiak Olaetaren Elai-Alai dantza taldeak. Geroago Miarritze, Baiona eta Donibane Lohizuneko Euskal Dantzetako Akademien zuzendaria izan zen. 1950. urtean, Victor eta Lourdes seme-alabekin, Ballets Olaeta dantza taldea eta eskola sortu zituen Bilbon. Taldeak Madril, Bartzelona, Bilbo eta Oviedon antzeztu ditu euskal musikagileen (Aita Donostia, Uruñuela, Arambarri, Guridi) obrak eta euskal kutsuko musika: Aurresku de anteiglesia, Cortejo suletino o Mascarada suletina, Sagar-Dantza eta abar. Ballet honek Europako (Londres, Amsterdam) eta Ameriketako (Estatu Batuak, Kanada, Mexiko, Venezuela, Puerto Rico, Jamaika) hiri nagusietan jarduteko kontratuak izan zituen 1965 eta 1967 urteetan.  v  Olaeta Torrezuri, Javier. Bizkaitar dantzaria eta abeslaria, Segundo Olaetaren semea (Gernika, 1923). Elai-Alai dantza taldeko kidea izan zelarik, taldearekin Europan, Estatu Batuetan eta Kanadan ibili da. Elai-Alai dantza taldearen zuzendaria izan zen 1991. urtean Gernikan jende aurrera berriro agertu zirenean.  v  Olaeta Torrezuri, Lide. Bizkaitar dantzaria, Segundo Olaetaren alaba (Gernika). Dantza klasikoa eta modernoa ikasi zituen 14 urtez Parisen. Ballets Olaeta dantza taldeko lehen dantzaria izan zen 1957-1984. urteetan. Dantza talde horren zuzendariordea da 1971. urtean haren aita hil zenetik. Bilboko Irakasle Goi Eskolako dantzako irakaslea da gaur egun.  v  Olaeta Torrezuri, Lourdes. Bizkaitar dantzaria, Segundo Olaetaren alaba (Gernika). Haurra zelarik Elai-Alai taldearekin egin zuen dantza. Bere anai-arrebek bezala, Parisen egin zituen dantza klasikoko ikasketak eta ondoren Miarritzera joan zen bizitzera. Familia Gernikara itzuli zenean (1948) aitak Olaeta dantza taldea berriro osatu zuen eta Lourdes izendatu zuen lehen dantzari.  v  Olaeta Torrezuri, Miren Teresa. Bizkaitar dantzaria, Segundo Olaetaren alaba (Bidarte, Lapurdi, 1939). Piano ikasketak egin zituen Bilbon eta Parisen. Orobat dantza klasikoak, jazza eta yoga ikasi ditu, eta arrakasta handiko emanaldiak izan ditu Olaeta dantza taldearekin Europan eta Ameriketan zehar. Ballets Olaeta dantza taldeko irakasle eta Bilboko Olaeta akademiako zuzendari da 1988. urteaz geroztik.  v  Olaeta Torrezuri, Víctor. Bizkaitar musikagilea, koreografoa eta dantzaria, Segundo Olaetaren semea. Bilbon egin zituen solfeo, piano, harmonia, konposizio eta dantza klasikoko ikasketak. Parisen ikasketak jarraitu ondoren Ipar Ameriketako, Kanadako, Kubako eta Puerto Ricoko antzezlekurik garrantzitsuenetan jardun zuen, arrakasta handiz, bere arreba Lourdesekin batera. Ballets Olaeta dantza taldeko lehen dantzaria eta koreografoa da.