Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Offenbach, Jacques

Alemanian jaiotako frantses musikagilea (Kolonia, 1819 - Paris, 1880). Opereta izeneko frantses opera komiko arin barregarriaren sortzailea izan zen. Eberst deitura zuen Koloniako sinagogako kantari baten semea zen; Offenbach izena hartu zuen, familia Offenbach-am-Main-etik zetorrelako. 1833. urtean aitak Parisa bidali zuen, han juduentzat egoera erosoagoa zelako. Biolin eta biolontxelo ikasketak egin zituen kontserbatorioan. 1849. urtean Opera Komikoko orkestran biolontxelo-jotzaile egon ondoren, Théâtre Français izenekoaren zuzendaria izan zen. 1853. urtean operetak idazten hasi zen; ehun bat idatzi zituen, garai hartako gizartea eta ohiturak barregarri jarri zituztenak. 1855. urtean Bouffes-Parisiennes antzokia zabaldu zuen, eta 1866 arte zuzendaria izan zen. Arrakasta handia izan zuten haren operetek. 1872-1876 urteetan Théâtre de la Gaîté-ren zuzendaria izan zen. Offenbach-en opereta nagusiak dira: Orphée aux enfers (1858, Orfeo infernuan); Die Rheinnixen (1864, Rhin ibaiko izpirituak); La belle Helène (1864, Helene ederra); La vie parisiense (1866, Parisko bizimodua); La Grande-Duchesse de Gérolstein (1867, Gérolsteingo dukesa handia); La «Périchole» (1868).