Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nukleo

iz. Fis. Atomo baten gunea, atomoak duen masaren gehiena duena. Atomoaren nukleoak elektrizitate karga positiboa du. Nukleoa protoiez eta neutroiez osatua dago, eta karga bere protoi kopuruaren araberakoa da. Nukleoan den protoi kopurua atomo zenbakiaz (Z) adierazten da. Nukleoaren masa zenbakia edo atomo masa (A), protoi kopurua den zenbaki atomikoaren (Z) eta neutroi zenbakiaren (N) arteko baturaz lortzen da. Neutroiek atomoaren masa eratzen dute baina ez dute inongo eraginik nukleoaren kargan. Izadian masa handiena duen nukleoa uranio238-arena da, 92 protoiez eta 146 neutroiez osaturikoa; uranioaren isotopo hori 238 92U sinboloaz adierazten da, goialdeko zenbakiak nukleoaren masa zenbakia adierazten du (A), kasu honetan 238. Behekoak, berriz, zenbaki atomikoa edo protoi kopurua adierazten du, kasu honetan 92. Beraz, 146 da neutroi kopurua, A=Z+N baita. Nukleoan protoi kopuru bera izanik, neutroi kopuru desberdina izateak sortzen ditu gai baten isotopoak. Hala, uranio 235-aren nukleoak 92 protoi, atomo zenbaki bera alegia, eta 143 neutroi ditu. Protoi eta neutroi zenbateko bakoitiak dituzten nukleoak nukleo aldakorrak direla esaten da. Nukleo baten batez besteko neurria 10-13 cm da. Nukleoaren diametroa atomoarenarekin alderatzen bada, honen diametroa nukleoarena baino 10.000 aldiz handiagoa da. Nukleorik bakunena hidrogeno atomoarena da, protoi bakarraz osaturik baitago; gainerako atomoek neutroi bat edo gehiago dute protoiez gainera.