Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

norvegiera

iz. Ipar-germaniar hizkuntzen saileko hizkuntza, Norvegian 4 milioi inguru hiztunek erabiltzen dutena. Bi hizkuntza eredu bereizten eta erabiltzen dira gaur egun Norvegian: daniera-norvegiera eta norvegiera berria. Norvegiako hizkuntza ofizialak dira biak, eta hizkuntza batera, samnorsk deitua, biltzeko bidean daude. Nolanahi ere, bi hizkuntza ereduak batzeko asmoak aurkari asko ditu.  v  Norvegiera zaharrak ez zuen aurrerabiderik izan, besteak beste, Norvegia Danimarkaren eta Suediaren mendean izan zelako mende askotan zehar, eta, hortaz, XV. mendeaz gero, danierak hartu zuelako norvegiera zaharraren lekua idatzietan eta erlijioan. Pixkana, hirietan, hizkuntza misto bat erabiltzen hasi zen, norvegieraren erara ebakitako daniera eta norvegierazko hitzak tartekatu zituena: riksmål-a, gaur egun bokmål-a edo “liburuetako hizkuntza” deitua. 1814tik aurrera riksmål-a idatzizko hizkuntza gisa erabili zen. 1853an Ivar Aasen hizkuntzalariak norvegiera garbi bat sortu zuen, mendebaleko dialektoetan oinarritua: landsmål-a, gaur egun nynorsk (“norvegiera berria”) deitua. Bi hizkuntza ereduetatik bokmål-a da zabalduena.