Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nielsen, Carl

Daniar musikagilea, biolin-jotzailea eta zuzendaria (Nørre-Lyndelse, 1865 - Kopenhage, 1931). Danimarkako musikagile ospetsuena da, idatzi zituen sinfoniengatik bereziki miretsia. 1884-1886 urteetan egin zituen ikasketak Kopenhageko kontserbatorioan. Geroago errege antzokiko kapera maisu izan zen (1908-1914) eta Kopenhageko Musika Elkarteko zuzendari (1915-1927). Kontserbatorioko irakasle ere izan zen, eta 1931. urtean zuzendari izendatu zuten, hil baino lehenago. Harmonia kromatikoak eta disonanteak erabili zituen, eta egitura tinkoak kontrapuntuaren alorrean. Tonalitatearekin berriz ausart jokatu zuen, atonalismoa eta politonalismoa erabiliz. 1890-1925 urteetan idatzitako sei sinfonietan nabaria da Nielsenek egin zuen aurrerabidea. Bi opera ere idatzi zituen: Saul eta Dabid (1902) eta Maskarada (1906); hiru kontzertu eta kamerako, koruko eta teklaturako lan ugari. Danimarkako herri musikan oinarritutako kantu bikainak idatzi zituen.