Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Negu Gorriak

Gipuzkoar musika taldea, 1990-1996 bitartean aritu zena. Txerokee Mikel Laboaren omenezko diskoan parte hartu zuten Fermin Muguruza, Iñigo Muguruza (Delirium Tremensekoa) eta Kaki Arkarazok (M-akekoa) Gaberako aterbearen bertsioa eginaz, eta kantu hartatik atera zuten taldearen izena. 1990ean kaleratu zuten lehenengo diskoa Oihuka etxearekin, Negu Gorriak. Disko hartan zegoen, beste askoren artean, gerora Esan Ozenki disko etxeari izena emango zion kanta ezaguna. 1991ko Gure Jarrera diskoa Esan Ozenkik kaleratu zuen, eta ordurako beste bi kide zituen taldeak, Mikel (Anestesia) baxua eta Mikel (BAP!!) bateria. Disko hartan zegoen Ustelkeria abestia; abesti hori zela-eta, Galindo jenerala aipatzen baitzuten, gerora ETAren aurko gerra ustelean aritzeagatik zigortua eta kartzeralaratua izango zena, taldea auzitegira eraman zuten. 1991n bertan, iturri askotatik hartutako musikak biltzen eta birsortzen zituen Negu Gorriak Zuzeneko Talde Onena hautatu zuen Espainiako Radio Nacional-Radio 3 irratiak. Urte amaieran, Gora Herria diskoa kaleratu zuten. 1992an 91+1 bira egin zuen taldeak, eta Italian, Suitzan, Mexikon eta Estatu Batuetan aritu ziren. Ondoren Borreroak baditu milaka aurpegi (1993) diskoa kaleratu zuten, taldearen lanik mardulena. Lan horri Stop Hypocrisy Tour 1993-k jarraitu zion. 1993ko urrian Bilbon eskainitako saioa disko bilakatu zen 1994an. 1995eko maiatzean aurkeztu zuen Negu Gorriakek Ideia Zabaldu diskoa. 1996an, berriz, Ustelkeria disko guztiz bitxia kaleratu zuten. Hamalau kantu biltzen zituen disko haren 1.000 kopia baino ez ziren egin, azkenean Galindo jeneralaren aldekoa izan zen epaia ezagutu eta gero taldeari elkartasuna adierazi zietenei eskerrak emateko egin baitzuten ekimen hura. 1996ko irailean Gure bizitzako B.S.O. izenburua eraman behar zuen iraupen luzeko lana prestatzen hasi ziren. Grabazioa bukatzear zeudela, Salam, Agur diskoarekin taldea desegitera zihoala adierazi zuten, eta halaxe gertatu zen. 2001. urtearen hasieran, kontzertu sorta batekin esan zien agur zaleei Negu Gorriak taldeak.