Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nazionalsozialismo

iz. Pol. Eskuin muturreko joera politikoa, nazismo izenez ere ezagutzen dena. Alemanian garatu zen beste inon baino gehiago, eta Adolf Hitler izan zen higikundearen bultzatzaile nagusia.  v  Historia. Nazionalsozialismoak sozialismoaren ideia batzuk beretu zituen, Alemanian marxismoak zuen indar gero eta handiagoa nolabait ahultzeko. Ideologiari dagokionez, nazionalsozialismoaren teoria nahasketa zela eta, aitzindari asko dituela esan daiteke. Nazionalsozialismoan eragin zuzenena izan zuten literatura arrazistak eta pangermanikoak: Gobineau, H. S. Chamberlain eta, neurri batean, Nietzsche eta Spengler. Nazionalismoa Alemanian, Lehen Mundu Gerran gertaturiko porrotaren ondoren zegoen frustrazio sentimenduaz eta 1929ko krisialdi ekonomikoak sorturiko egoera larriaz baliatu zen. Bestalde, nazionalsozialismoaren garapena Hitlerrekin guztiz loturik dago. 1920an sorturiko Nationalsozialistische Deutsche Arbeiterpartei, NSDAP (Alemaniako Langileen Arderdi Nazionalsozialista) izan zen nazionalsozialismoaren oinarria. Urte berean argitaratu zen nazionalsozialismoaren egitaraua, 25 puntutan bildua. Horien artean, alemaniar inperio handia eratu beharra aldarrikatzen zen, eta helburua lortzeko bideak gerra eta bortxa zirela esaten zen. Juduen kontrako jarrera zen NSDAParen garrantzi handiko beste puntu bat; alemaniak bizi zuen egoera larriaren errudunak juduak zirela esaten zuten, eta juduen kontrako esetsaldia bultzatzen. Alderdiak egunkari bat (Völkischer Beobachter; “herritarren begiralea”) eta bere polizia taldeak sortu zituen. Municheko estatu kolpeak (1923ko azaroaren 9a) porrot egin ondoren alderdia legez kanpo geratu zen. Hitler atxilotua izan zen, eta, espetxean zegoela Mein Kampf (1924, Nire borroka) liburua idatzi zuen, nazien artean eragin handia izan zuena. 1933an Hitlerren alderdiak hauteskundeak irabazi zituen, eta urte bereko urtarrilaren 30ean Hitler Alemaniako kantziler aukeratu zuten. Bi hilabete geroago aginpide osoa eskuratu zuen, eta Alemaniako egitura osoa aldatzeari ekin zion. NSDAPa zen legeak onartzen zuen alderdi bakarra. Prentsaren, zinemaren eta irratiaren kontrola guztiz garrantzizkoak izan ziren nazionalsozialismoa hedatzeko. Nazionalsozialismoarekin bat egiten zuten emakumeak eta gazteak biltzeko erakundeak sortu ziren: N. S. Frauenschaft eta Hitler-Jugend. Ekonomia beste modu batean antolatu zen, autarkia bultzatuz, gerraren industria indartsua sortzeko. Nazionalsozialismoarekin bat ez zetozen guztien kontrako esetsaldiaren ondorioz, jende askok alde egin behar izan zuen Alemaniatik. Zenbait urte lehenago garrantzi gabeko egitaraua zirudienak Bigarren Mundu Gerra izan zena bultzatu zuen. Nazien kontzentrazio esparruetan milioika pertsona hil ziren; juduen eta ijitoen kontrako genozidioa antolatua izan zen. Hitlerrekin batera, hauek izan ziren nazionalismoaren bultzatzaile nagusiak: Goering, Hess eta Bormann, Hitlerren laguntzaileak; Himmler, Gestapoaren burua; Goebbels, propaganda ministroa; Rosenberg, alderdiaren ideologoa; Frick, Barne Arazoetako ministroa; Ribbentrop, kanpo arazoetako ministroa eta Streicher, juduen arazoaren arduraduna. Gehienak epaituak izan ziren Nurenberg-eko prozesuan.