Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nashe, Thomas

Ingeles idazlea (Lowestoft, 1567 - Londres, 1601). Cambridgen egin zituen ikasketak. Shakespeareren aitzindariak izan ziren Ingalaterrako idazle gazte profesionalen lehenengo belaunaldikoek osatutako University Wits taldeko kidea izan zen. Rabelais-en eragina izan zuen; hala, Nasheren estiloak satira, fantasia, umorea eta lirika nahasten zituen, eta berritzailea izan zen bere garaiko ingeles literaturan. Eztabaida eta liskar gogorrak izan zituen beste idazle batzuekin, besteak beste, gogor salatu baitzuen puritanismoa. Eleberria, saiakera eta antzerkia landu zituen. Idazlan nagusiak: The Anatomie of Absurditie (1589, Zentzugabearen anatomia), Christ’s Teares over Jerusalem (1593, Kristoren malkoak Jerusalemen), Terrors of the Night (1594, Gaueko izuak), The Unfortunate Traveller (1594, Zorigaiztoko bidaiaria).