Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nansen, Fridtjof

Norvegiar esploratzaile, zientzialari eta politikaria (Store Fröen, 1861 - Lysaker, 1930). 1888an Groenlandia sortaldetik sartaldera iragan ondoren, 1893an Artiko ozeanoa esploratzera abiatu zen Fram izeneko ontzian; Siberia Berriko uhartera iritsi zen, eta 1895ean 86° 14’ latituderaino, ordu arte inor iritsi izan zen latituderik garaieneraino. 1897an, Farthest North liburuan ozeanografiari eta metereologiari aurrerakuntza handia ekarri zion espedizio horren gorabeherak kontatu zituen. Beste zenbait espedizioetan parte hartu zuen eta zientzia lanak idatzi zituen. 1887an doktore izendatu zuten, eta 1908an zoologiako eta ozeanografiako katedradun Kristianiako unibertsitatean. Politikari gisa, 1905ean Norvegiaren eta Suediaren arteko batasuna eten zuen Karlstadteko hitzarmenean parte hartu zuen. Lehen Mundu Gerraren ondoren Norvegiaren ordezkaria izan zen Nazioen Elkartean. 1920ean Nazioen Elkarteko Batzordeak gerrako atxilotuak eta iheslariak askatzeko eta herriratzeko ordezkari nagusi izendatu zuen. 1921ean Errusian izan zen gosetea asetzeko lanetan ere jardun zuen. Herri kolonizatuen burujabetzaren alde borrokatu zen. 1922an Bakearen Nobel saria eman zioten.  v  Nansen botila. Ozeanografoek itsasotik ur erakusgarriak hartzeko erabiltzen duten tresna.  v  Nansen erakundea. Lehen Mundu Gerraren ondoren iheslariak babesteko Genevan sortu zen nazioarteko erakundea.  v  Nansen pasaportea. Iheslarientzako nortasun agiri berezia, nazioarteko hitzarmen batek 1922ko uztailaren 5ean Nansenen proposamenez onetsia.