Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nafarreriako gerra

1276ko maiatzaren eta irailaren artean Nafarroan gertatu zen gerra zibila. Iruñeko San Migel eta Nafarreriako auzo nafarrak eta San Saturninoko eta San Nikolaseko auzo frankoa izen ziren aurrez aurre gerra honetan. Aspaldiko liskarren ondorioa izan zen, alde batetik, baina Nafarroako koroaren inguruko gatazkek larriagotu zuten auzia. Joana II.a ez zen oraindik adinez nagusi; Zuria erreginordeak Pero Santxez Montagut-ekoa, Aragoiko koroaren aldeko aitonen semea, ezarri zuen gobernari. Gartzea Almorabid Gaztela zaleak gaizki hartu zuen erabakia. 1275ean biziki areagotu ziren Nafarrareriako biztanleen eta frankoen arteko liskarrak, eta baimen berezia jaso zuten azken hauek Montagut-engandik babes neurriak hartzeko. Arazoak handitu baizik ez ziren egin, erasoak eta guduak etengabeak ziren, eta Zuria erreginordeak Paris aldera jo zuen gobernari bila, Aragoi eta Gaztelarekiko harremanak sendotu nahi zituzten aitonen semeei aurre egitearren bidenabar. Eustache de Beaumarchais bidali zuen Filipe Frantziako erregeak Nafarroako arazoak konpontzera. Nafarreriako auzoek ez zuten haren agintea onartu eta Iruñeko apezpikua aldarrikatu zuten agintari. 1276ko maiatzetik aurrera saiatu zen gobernari frantsesa nagusitzen eta bere aginte maila Nafarroa guztira zabaltzen, baina ezinean, Parisko armadari deitu eta irailean sartu ziren frantsesak euskal erreinuan. Gartzea Almorabid-ek laguntza eskatu zuen Gaztelara, baina erreinu hartatik bidalitako armadak ezin gainditu izan zituen Larreniaga-ko mendiak (Perdon mendizerra). Sartu ziren frantsesak Nafarrerian eta izugarrizko txikizioa egin zuten auzoan (berrogeita hamar urtean egon zen Nafarreria hondakin hutsean). Gaztela aldera ihes egin zuten Gartzea Almorabid-ek eta beste buruzagi batzuek. Aditu batzuen arabera, erabateko nagusigoa erdietsi zuten Frantzia aldeko errege dinastiek Nafarroan gerra honen ondoren.