Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Musulman Beltzak

(Ing. Black Muslims). 1930. urtean Wallace Fard Muhammad Meka-n jaio zen musulman ortodoxoak Estatu Batuetako Detroit hirian sortu zuen erlijio eta kultura higikundea. Hasierako kide gehienak hegoaldeko estatuetatik emigraturiko beltzak ziren eta arian-arian gorpuztu zen mugimenduan Islamen Nazio berri baten inguruko asmoa, beltzak nagusi zirela. Elijah Muhammad Fard-en ondorengoaren ahaleginari esker zabaldu zen erakundea eta indartu zen beltzen artean nazio berriaren aldeko ideia. 1960tik aurrera, Malcolm X izan zen talde horretako buruzagi ospetsuena. 1963tik aurrera, liskar eta gatazka ugari izan zituzten Elijah Muhammadek eta Malcolm Xk, eta 1965ean hil zuten azkeneko hau atentatu batean. 1970. urtetik aurrerako urteetan, mugimendu beltz ez erradikalak nagusitu ziren eta Musulman Beltzen eragina apaldu zen. 1985ean iragarri zuen Elijah Muhammad-en seme Warith Deen Muhammad-ek erakundearen desegitea.