Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Muñoz Molina, Antonio

Espainiar idazlea (Úbeda, Jaén, 1956). Artearen historia ikasi zuen Granadako Unibertsitatean eta kazetaritza Madrilgoan. Aldizkarietarako artikuluak idazten hasi zen, 1984an El Robinsón urbano (Hiriko Robinson) lanean bildu zituenak. Lehenengo eleberria 1986an idatzi zuen, Beatus ille. Lan horretan berak asmatutako hiri bat agertzen da, Mágina, eta hiri bera agertuko zen hurrengo liburuetan ere. El invierno en Lisboa (1987, Negua Lisboan) lanak Kritikaren saria eta Narrazioaren sari nazionala irabazi zuen. Azken sari hori 1992an irabazi zuen berriz ere El jinete polaco (Poloniar zalduna) lanari esker. Lan horrek, bestalde, Planeta saria irabazi zuen 1991n. Muñoz Molinaren lanak memoriaren lurraldeetan gertatzen dira, eta Espainiako historia hurbila berritzen saiatzen da, zinema beltzaren eta polizia eleberrien oihartzunekin; Beltenebros (1989) lana da horren adibide argia: jakin-min eta maitasunaz beteriko ekintza da, gerra ondoko Madrilen gertatzen dena. Madril behin eta berriro agertzen da Muñoz Molinaren eleberrietan, hala nola Los misterios de Madrid (1992, Madrilgo misterioak) eta El dueño del secreto (1994, Sekretuaren jabea) lanetan. 1996an lan sarkastiko bat argitaratu zuen, parodiaren eta oroitzapenen artekoa, frankismoaren garaiko nahitaezko soldaduskari buruz: Ardor guerrero. 1997an Plenilunio eleberria argitaratu zuen, izuaren gaiaren inguruan osatua, eta arrakasta handia izan zuena. Muñoz Molinaren zenbait eleberri zinemara eraman dituzte: El invierno en Lisboa, Beltenebros (P. Miró), Plenilunio (I. Uribe). 1995ean Espainiako Hikuntzaren Errege Akademiako kide hautatu zuten.