Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mulroney, Brian

Kanadar politikaria, Lehen Ministroa 1984-1993 urteen bitartean (Baie-Comeau, Québec, 1939). Alderdi Kontserbadore Progresistan sartu zen gaztetan. Lavaleko Unibertsitatean zuzenbideko lizentzia lortu ondoren, legegizon eta negozio gizon ospetsua egin zen. 1976an alderdi barruko hauteskundeak galdu zituen Joseph Clarken mesedetan, eta industria mundura itzuli zen Iron Ore Company of Canada-ko presidente gisa (1977-1983). 1983ko ekainean Alderdi Kontserbadoreko buruzagi izatea lortu zuen. Urte horretako hauteskundeetan legebiltzarrean aulki bat lortu ondoren, Mulroneyk garaipenerako bidean jarri zuen Alderdi Kontserbadorea 1984ko hauteskunde orokorretan. Ronald Reagan Estatu Batuetako lehendakariarekin merkataritza libreko hitzarmen bat izenpetu zuen 1988an, eta alderdia berriz ere garaipenera eraman zuen urte horretan bertan. 1993an politika utziko zuela azaldu zuen, eta dimisioa aurkeztu zuen krisi ekonomikoaren eta hauteskundeetan jasandako porrotaren ondoren. Kim Campbell izan zuen ondorengoa.