Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

molekula

iz. Gai baten tasun guztiak dituen partikula txikiena.  v  Kim. Molekula gai baten tasun guztiak gordetzen dituen partikula txikiena da, bat, bi, hiru elementu kimiko edo gehiago izan ditzakeen materia banakoa. Molekula xumeenak atomo bakar bat du (horrelakoak dira metalen eta gas nobleen molekulak). Oxigenoaren molekulak (O2) bi atomoz osatuta daude eta ozonoarenak (O3) hiruz. Uraren molekula (H2O) bi atomo mota desberdinez osatuta dago eta azido nitrikoarena (HNO3) hiru atomo motez. Molekula konplexuenek 5 edo 6 elementu kimiko desberdin dituzte. Gai kimiko bakoitzaren atomo kopurua molekulan aldakorra da, 1etik 150era edo gehiagora ager daitezke, baina kopuru normala 1 eta 30 artekoa da. Molekulak osatzen dituzten atomoak edo ioiak lotura kimiko bidez mantentzen dira elkartuta, eta molekularen egitura eta estereokimika mugatzen duten kokaera jakin batzuk hartzen dituzte espazioan. Konposatuen molekulak gasak (amoniakoa, nitrogenoa, formaldehidoa...), isurkariak (alkohola, bentzenoa, ura...) edo solidoak (kare-haitza, igeltsua, burdina...) izan daitezke. Gasen molekulak ia erabat askeak dira bata besteari buruz eta higitzeko askatasun osoa dute. Isurkarien molekulak elkarrengandik askoz hurbilago daude eta molekulen arteko lotura-indarrek isurkarien konpresioa galarazten dute; hala ere, badute jariakortasuna sortzen duen nola edo halako mugimendu bat. Gai solidoen molekulak era ordenatuan banatzen dira molekulaz osatutako kristalean, eta ez dira higitzen ia. Honetan, molekulen arteko loturak isurkarietan baino askoz estuagoak dira. Batzuetan molekulak elkartzen dira; molekula elkartu horiek makromolekulak edo polimeroak eratzen dituzte.  v  Molekularen pisua. Kim. Gai baten molekula osatzen duten atomo guztien pisuen batura. Adibidez, azido sulfurikoaren (H2SO4) molekula baten pisua hau da: 2x1 + 32 + 4x16 = 98.  v  Molekula gramo. ik. mol.