Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Miguel Rodríguez, Amando de

Espainiar soziologoa (Pereruela, Zamora, 1937). Politika zientzietako ikasketak egin zituen Madrilen, eta 1961-1963 bitartean soziologiakoak, Columbiako Unibertsitatean, New Yorken. Zenbait soziologia enpresarentzat lan egin ondoren, 1969an bere enpresa sortu zuen. 1971n Valentziako Ekonomia Zientzien Fakultateko soziologia katedra irabazi zuen oposizioz, eta Bartzelonako Unibertsitate Zentralera aldatu zen gero. Lan aipagarrienak: Sociología del franquismo (1974, Frankismoaren soziologia); La herencia del franquismo (1976, Frankismoaren oinordekotza); Cuarenta millones de españoles, cuarenta años después (1976, Berrogei milioi espainiol, berrogei urte geroago); Universidad, fábrica de parados (1979, Unibertsitatea, langabetuen fabrika); Los intelectuales bonitos (1980, Intelektual politak); La bola de cristal (1980, Kristalezko bola), eta abar. Kataluniako hizkuntza eskubide berdintasunaren aldeko manifestua izenpetu zuen, eta errepresalien beldur, 1981ean Madrila joan zen, Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Soziologia eta Politika Zientzien Fakultatean eskolak ematera. 1987an España cíclica (Espainia ziklikoa) argitaratu zuen, 1988an La España oculta, la economía sumergida (Espainia ezkutua, ezkutuko ekonomia) eta 1989an La ambición del César (Zesarren handinahia), Felipe Gonzálezi buruzko biografia kritikoa.