Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mfume, Kweisi

(Jaiotza izena, Frizzel Gray). Estatubatuar buruzagi politikoa (Baltimore, 1948). Mfume beltza da, Baltimoren jaio zen, eta han igaro zituen haurtzaroa eta gaztaroa, bitarteko handirik gabe. Eskolatik bota zuten eta lagun talde batekin bizi izan zen kalean, harik eta 16 urterekin, ama hil zitzaionean, etxera itzuli zen arte. 1972an hartu zuen Kweisi Mfume izena. Hurrengo urteetan ikasketak egin zituen: 1976an lizentzia lortu zuen Morgan Unibertsitatean eta 1976an master titulua atera zuen Johns Hopkins Unibertsitatean. Hurrengo hiru urteetan irratian aritu zen lanean, musika programa batean eta elkarrizketa egile gisa. 1979an Baltimoreko udaleko zinegotzi hautatu zuten, eta 1986an Estatu Batuetako Legebiltzarreko kide. Legebiltzarrean banku, finantza eta hirigintza batzordean, eta hezkuntza eta lana batzordeetan aritu zen, besteak beste. 1995ean Congressional Black Caucus-eko lehendakari hautatu zuten, eta Legebiltzarra utzi zuen; 1996an, National Association for the Advancement of Colored People (NAACP, Beltzen Sustapenerako Elkarte Nazionala) erakundearen buruzagitza hartu zuen. Eragin handia izan zuen Washingtonen 1990eko hamarraldian.