Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Meyer, E Y

Suitzar idazlea (Liestal, 1946). Filosofia ikasketak egin zituen Bernan. Irakasle jardun zuen denboraldi batez, baina lanbidea utzi eta literaturan sartu zen buru-belarri. Meyerrek soiltasun handiaz azaltzen ditu bere eleberrietako gertakizunak, eta aldi berean dena xehe-xehe aztertzeko beharra du, gertakizunon erroetara iristeko. Idazteko molde horrek Friedrich Dürrenmatt-en mundura hurbiltzen du, eta haren eraginpean dago bere hizkera eta, oro har, bere obra osoa. Bere lehen eleberria, In Trubschachen (1972, Trubschachen-en), eskualde bakartu, pobre eta beldurtu bateko aurpegi iluna aurkeztu zuen, alegia, gizatasunaren alderdi iluna herri txiki bateko mikrokosmosean gauzatua. Lanik nagusia, baina, Die Rückfahrt (1979, Itzulera bidaia) eleberri filosofikoa du, etorkizunik izango bada iragana berreskuratu beharra dagoela –norberarena zein historiarena– gogorarazten duena.