Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mazowiecki, Tadeusz

Poloniar politikaria (Plock, 1927). Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Varsoviako Unibertsitatean egin zituen zuzenbide ikasketak, baina kazetari lanetan jardun zuen; Wiez egunkari independentea sortu zuen 1958. urtean. 1961ean legebiltzarreko kide hautatu zuten, eta Znak diputatu katolikoen taldean sartu zen, oposizioan. Solidarnosc sindikatua sortzen eta antolatzen lagundu zuen, eta 1980an Lech Walesaren laguntzaile izan zen, gobernuarekin izandako negoziazioetan. Gobernuarekin lortu zuten hitzarmenari esker, Solidarnosc izan zen herrialde komunista bateko lehenengo sindikatu independentea. Harrezkero Walesaren aholkulari nagusietako bat izan zen Mazowiecki. 1981ean, ordea, sindikatua legez kanpo utzi zutenean, atxilo hartu zuten beste zenbait buruzagirekin, eta espetxean egon zen 1982 arte. 1989an lan handia egin zuen Solidarnosc legeztatzeko eta hauteskunde libreak antolatzeko elkarrizketetan. Hauteskundeetan arrakasta handia lortu zuten ez komunistek, eta Mazowiecki izendatu zuten Lehen Ministro; 1945az geroko lehenengo buruzagi ez komunista izan zen. 1989-1990 bitartean iraun zuen kargu horretan, baina tirabirak izan zituen Walesarekin eta 1990eko hauteskundeetan, Walesa, Mazowiecki eta beste hautagai bat aurkeztu zirelarik, azken gelditu zen, eta bertan behera utzi zuen kargu hura.