Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mazarredo Salazar, José Domingo de

Bizkaitar itsasgizona (Bilbo, 1745 - Bilbo, 1812). Fragata kapitain izendatu zuten 1766. urtean. Latitudea neurtzeko metodo berri bat asmatu zuen 1771n Filipinetako uharteetara zihoala. Aljer hiriaren aurkako erasoa gidatu zuen 1775. urtean baina saioa hutsean geratu zen. Ondoren kapitain eta Cadizko itsas armadako alferez izendatu zuten. Cadizen zela bi obra argitaratu zituen: Lecciones de Navegación (1778) eta Colección de tablas para los usos más necesarios para la navegación (1779). Zazpi urte eman zituen Itsas Armadako ordenantzak biltzen Ordenanzas generales de la Armada Naval obra argitaratzeko. 1795. urtean Mediterraneoko ontzidiaren buru izendatu zuten; Mazarredok Itsas ministroari ontzidia zein egoera txarrean zegoen adierazi zionean El Ferrolera erbesteratu zuten. Hala eta guztiz ere itsas seinaleen kode berri bat idazteko agindu zitzaion eta komandante nagusi izendatu zuten 1797. urtean. Titulu horren jabe zela Cadizko portuaren defentsan borrokatu zen ingelesen aurka. 1802. urtean erretiratu zen bizitza militarretik Bilbora. 1804. urteko Zamakoladaren ondoren Burgosa erbesteratu zuten eta hiru urte pasa ziren arte ez zen itzuli Bizkaira. Espainiako Independentziako gerra hasi zenean (1808) Cadizera deitu zuten berriro ere, baina Mazarredo Baionara joan zen José Bonaparte Espainiako erregearen izendapenaren lekuko izatera. Hark estatu idazkari eta armadako zuzendari izendatu zuen.