Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maugham, William Somerset

Frantzian jaiotako idazle britainiarra (Paris, 1874 - Niza, 1965). Medikuntza ikasketak egin zituen Heidelberg-en eta Londresen, baina lanbide hori utzi eta literaturgintzan aritu zen. Hegoaldeko itsasoetara egin zituen bidaiek idazteko oinarria eman zioten. Frantziako eleberrigintzaren kutsua ageri du, eta naturalismoaren eta psikologiaren eragina ikusten dira bere lanetan. Estilo argi bizkorra zuen eta elkarrizketaren teknika menderatzen zuen gehienik. Horrek eman zion ospe handia mundu guztian. Maughamen eleberririk ezagunena Of human bondage (1915, Giza esklabotasunaz) da. Aipatzekoak dira, halaber: The moon and six-pence (1918, Ilargia eta sei penike), The painted veil (1925, Errezela pintatua), Ashenden or the British agent (1928, Ashenden edo britainiar ajentea), Cakes and ale (1930, Pastelak eta garagardoa), A Christmas holiday (1939, Eguberriko oporraldi bat), The razor’s edge (1944, Labanaren ahoa), Catalina (1948). Hala ere, denbora pasa ahala, Somerset Maughamen obran ipuingintza azpimarratzen du gaur egungo kritikak. Maupassant-en naturalismotik eta eszeptizismo mingotsetik abiatzen da. Aipatzekoa da Rain and other stories (1932, Euria eta beste kontakizun batzuk), ipuin bilduma.