Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Marchessault, Jovette

Kanadar margolari, eskultore, eleberrigile eta antzerkigilea (Montréal, 1938). Hamahiru urte zituela ikasketak bertan behera utzi behar izan zituen, eta ehungintza lantegi batean hasi zen lanean. Lesbiano erradikaltzat aitortu du bere burua, eta originaltasun handiko obrak sortu ohi ditu, Jainkoaren eta gizakiaren boterea emakumearen esku dagoen unibertso bat sortuz bere lanekin. Margolari eta eskultore gisa, erakusketak egin ditu Québec, Ontario, Paris, Brusela eta New Yorken. 1976. urtean Prix France-Québec saria irabazi zuen Comme une enfant de la terre (1975, Bertako haur bat bezala) eleberri autobiografikoarekin. Eleberri aipagarriak ditu, orobat, La mère des herbes (1980, Belarren ama) eta Tryptique lesbien (1980, Triptiko lesbianoa), zeinak jasotzen baitu, besteren artean, Les Vaches de nuit bakarrizketa, Pol Pelletierrek antzerkirako egokituriko testua. Antzerkigintzaren alorrean azpimarratzekoak ditu La saga des poules mouillées (1981, Oilo bustien saga), Québec-eko Laure Conan, Germaine Guèvremont, Gabrielle Roy eta Anne Hébert idazleen bizitzaren kontakizuna, eta La terre est trop courte, Violette Leduc (1982, Lurra laburregia da, Violette Leduc), Violette Leduc frantses idazlearen bizitzari buruzkoa. Marchessaultenak dira, orobat, Alice et Gertrude, Nathalie et Renée et ce cher Ernest (1984, Alice eta Gertrude, Nathalie eta Renée eta Ernest maitea) eta Anaïs dans la queue de la comète (Anaïs kometaren isatsean).