Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

maoismo

iz. Mao Zedong-en politika dotrina. Maoismoa Txinako egoerari egokituriko marxismo-leninismoa da. Zenbait ezaugarri nabarmentzen dira maoismoan: nekazarien nagusitasuna iraultzaren aldeko borrokan (industriako langileria oinarritzat hartzen zuen ortodoxia leninistaren aurrean); inperialismoari aurka egitea, alegia, askapen nazionaleko higikundeen gorespena; kontzientzia kolektibo berria moldatzea, etsaiekiko inolako konpromisorik hartu gabe; desbideratze burgesen (burokratizazioa, hierarkizazioa) aurkako borroka ideologikoa. Iraultza etenik gabea izatea da maoismoaren beste ezaugarri bat. Iraultza ideologiko hau muturreraino eraman zen kultura iraultzaren aldian.  v  Maoismoa munduan. Ekialdeko Asiako alderdi iraultzaileek maoismoaren eragin nabarmena izan zuten, hala nola, Laos-en, Vietnam-en eta Kanbodia-n. Bestalde, Hirugarren Munduko zenbait herrialdek askapen nazionaleko eredu maoistari jarraitu zioten. Mendebal Europan, 1968az geroztik batez ere, ezkerreko zenbait talderen taktika iraultzailea maoismoaren zenbait ideia nagusiren inguruan egituratu zen (masen berezko joera iraultzailea, kultura iraultza, etengabeko klase borroka, etab.), gehienetan marxista-leninista deituriko alderdi komunistak eratuta, Frantzian, Italian eta Espainian bereziki.