Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mandela, Winnie

(Jaiotza izena, Winnie Madikizela). Hegoafrikar politikaria (Transkei, Hegoafrika, 1935). Gizarte laguntzako ikasketak egin zituen Johannesburgen, eta zientzia politikoetako lizentzia eskuratu zuen Witwatersrandeko Unibertsitatean. Hemeretzi urte zituela beka bat lortu zuen Estatu Batuetan soziologia ikasteko, eta bera izan zen Sowetoko osasungintzako gizarte zerbitzuetan jardun zuen lehenengo langile beltza. Hegoafrikako apartheid-aren kontrako borrokalari gisa nabarmendu zen. Afrikako Kongresu Nazionala alderdiko (ANC) Emakumeen Batzako kidea izan zen. 1958an Nelson Mandela Afrikako Kongresu Nazionaleko buruzagiarekin ezkondu zen, eta senarra espetxeratu zutelarik, buru-belarri murgildu zen politikan. 20 urtez Afrikako Kongresu Nazionalaren borrokaren eragile nagusietako bat izan zen, nahiz eta ez zen alderdiko kidea. Hainbat aldiz atxilotu izan dute eta erbestean bizi behar izan zuen denbora luzean; bitarte horretan ospe eta itzal handia lortu zuen iritzi publikoaren aurrean, herritar beltzen artean ez ezik, baita zurien artean ere; "nazioaren ama" izengoitia jarri zioten. Hala ere, Nelson Mandela espetxetik atera zenez gero, etengabeko eskandaluetan murgilduta ibili da, finantzak eta diru xahutze neurrigabeak direla eta. Horrela, 1990eko hamarraldiaz gero ospea galduz joan da. 1991n sei urteko espetxe zigorra ezarri zion Johannesburgeko Goi Mailako Epaitegiak, Sowetoko lau gazteren bahiketa eta torturan zerikusirik izan zuelakoan, nahiz eta azkenean ez zuten espetxean sartu. 1992an Nelson Mandelarengandik banandu zen, bien adostasunez, Winniek Kongresurako disidentzia ezkutuan gordetzearren ustez agindutako zenbait ekintzaren salaketaren eraginez (ANCko Stompei Seipeiren heriotzan eta Abu Baker Asvatenean zerikusia zuelakoan) eta Kongresuko kargu guztiak bertan behera utzi behar izan zituen. 1994an, Nelson Mandela Hegoafrikako lehendakari izendatu zutelarik, Winnie Arte, Kultura, Zientzia eta Teknologiako ministro izendatu zuten, baina hurrengo urtean kendu egin zioten kargua. 1997an Kongresuko Emakumeen Batzako lehendakaritzarako hautagai gisa aurkeztu zuten, baina 1980ko hamarraldian estatuak eta apartheid-aren kontrako mugimenduak egindako krimenen epaiketaren eraginez, galdu egin zuen Kongresuaren sostengua.